Gabriel Aresti Bizsitan izenburupeko kontzertu birari ekingo dio Oskorrik
Datorren ostiralean emango du Gabriel Aresti Bizsitan birako lehen kontzertua Oskorrik. Tolosan izango da emanaldia, Kilometroak jaiaren alde, Leidor antzokian, 20:00etan. Donostiako Viktoria Eugenia Antzokira abenduan iritsiko diren arren, bertan egin dute aurkezpena taldekideek, gaur goizean.
Formatu akustikoagoaren aldeko apustua egin du Oskorrik, eta Gabriel Arestik egindako poemekin osatutako abestiak edo bere bitartez Oskorriren errepertorioan sartutakoak interpretatuko ditu taldeak. Guztira, 20 abesti inguruk osatuko dute kontzertua, abesti alaiak zein lasaiak, ezagunak zein ezezagunagoak. “Kontzertu orekatua izango da. Seme alaben moduan, abestiak ere desberdinak direlako”, aipatu du Oskorriko Nacho de Felipek. Hala, zahar, heldu zein gazteek kontzertuez gozatzea espero dute. “Arestiren inguruko azalpenak ere emango ditugu”, gehitu du De Felipek. Hala, abesti batzuk paperezko zapietan edo komuneko paper gainean idatzi zizkiela gogoratu du.