
Ander eta Gorka zarauztarrak izan dira ilarako lehenak, bi gau igaro dituzte Anoetan, txarteldegia irekitzeko zain (Argazkiak: Estitxu Zabala)
Ostiralean San Mamesen jokatzekoa den Reala eta Athleticen arteko derbiak sekulako ikusmina sortu du. Gaur 9:00etan ireki dute Anoetako txarteldegia, eta ordua iritsi arte ilara egin dute zaleek, sarrerak eskuratzeko. Zarauzko Ander eta Gorka lagunak izan dira ilarako lehenak. Igande gauean etorri ziren Anoetara, 2:00etan, eta bertan egin dituzte bi gau. Camping dendak, aulkiak, janari arrastoak, denetik ikus zitekeen ilara inguruan. Realzaleek zintzo-zintzo mantendu dute ilara, eta txandaka lasai joan dira sarrerak erostera. Hala ere, haserreren bat egon da ilaran, baten batek ez duelako zegokion txanda errespetatu. 200 sarrera jarri dituzte salgai Anoetako txarteldegian, eta ordubeteren bueltan agortu dira. Zorterik izan ez duenak eta sarrerarik gabe geratu denak, San Mamesen izango du bigarren aukera, bihar jarriko baitituzte bertan sarrerak salgai. San Mameseko txarteldegia, 10:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:00etara egongo da zabalik.