Bilduk Ondarretako kartzelako presoen oroitarrian pintada bat egin dutela salatu du
Udaltzaingoak atzo egin zuen atestatua eta gaur goizean ezabatu dute.
Frankismo garaian Ondarretako kartzelan egon ziren presoen oroimenezko oroitarrian pintada bat agertu dela “ozen” salatu nahi izan du udal gobernuak. Azaldu dutenez, “haien oroimenaren aurkako erasoa” da.
Udaltzaingoak atzo egin zuen atestatua, eta gaur goizean Hiri Zerbitzuetako Departamentuak pintada ezabatu du. Bestalde, udal gobernuak adierazi du, bihar egitekoa den Giza Eskubideen Batzorde Berezira eramango duela gaia.
Azkenik, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek, zera adierazi du: “Frankisten eskuetan errepresioa, tortura edota heriotza sufritu zituzten gizon eta emakume guztiei aitorpena eta justizia egiteko jarri genuen oroitarria, urtetan isiltasunera kondenatuta egon ziren pertsona horiek gogoratzeko. Beraz, samina eragiten du pintada baten bitartez berriz ere haien oroimena isilarazteak, eta onartezina da”.
PSEren salaketa
Ernesto Gasco zinegotziak goizean egin duen agerraldian, oroitarria garbitzeko eskatu dio alkateari. Gainera, memoria historikoa erasotzen duten “edozein ekintza” salatzen dutela jakinarazi dute.



