Onkologikoaren pribatizazio bidea salatu dute Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak
Bilera eskatu dute Kutxako presidente den Xabier Iturberekin, gauzak argitzeko.
Ahaldun nagusi Martin Garitanok eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek agerraldia egin dute gaur Onkologikoaren inguruan esaten ari direnei buruzko iritzia adierazteko. Lehen hitzetan, bi erakundeek pribatizazioaren aurkako “jarrera irmoa” erakutsi nahi izan dute. Izan ere, udala eta aldundia Kutxako entitate sortzaile dira eta azaldu dutenez, zilegitasunez egiten dituzte beraz, ekarpenak.
Garitanok azaldu duenez, Kutxako presidente Xabier Iturberekin bilera eskatu dute egoera argitzeko asmoz. Gainera, bertan jasotakoa gizarteari helarazteko konpromisoa azaldu dute.
Azken egunetan Kutxak gizarte ekintza %60an murriztu duela jakin denean hasi dira Onkologikoaren etorkizunaren inguruko galdera. Izagirre eta Garitanok esan dutenez, honek Onkologikoari “pribatizazioaren ateak” irekitzen dizkio. Honek batetik Kutxaren ekintza soziala “kolokan” jartzen duela ere esan du Garitanok, eta bestetik, Onkologikoak zerbitzu publiko izaten jarraitu behar duela azaldu du.


