Udal gobernuak kalean udaltzaingoaren presentzia handitu nahi du
Babes Zibil eta Hiri Segurtasuneko aurrekontua iazkoaren antzekoa da, 28,7 milioi eurokoa hain zuzen ere.
Gaur aurkeztu dute Babes Zibil eta Hiri Segurtasuneko aurrekontu proposamena. Herri Babeseko zinegotzi ordezkari Nekane Burutaranek azaldu duenez, aurrekontua 28,7 milioi eurokoa da, iazkoa baino %1,17 baxuagoa.
Aurrekontuaren zati handiena, udaltzaingo eta suhiltzaileen langile gastuetara joango litzateke bideratuta. Hala nola, ez dute aurreikusten langile kopurua handitzea, bai ordea, udaltzaigoaren artean berrantolaketa bat egitea, hain zuzen ere, kalean udaltzaingoaren presentzia handitzeko; “helburu nagusietako bat da udaltzaingoaren presentzia handitzea kaleetan, pertsuasio eta prebentzio lanak egiteko”, esan du Burutaranek.
Aurten aurreikusten duten gastu handi bat, erregaiari dagokiona da. Izan ere, orain arte Ibilgailuen Parkeak hartzen zuen bere gain gastu hau. Orain, suhiltzaileen kasuan 35.000 euroko eta udaltzaingoarenean 121.500 euroko gastua aurreikusten dute.
Besteak beste, suhiltzaileen bonba-kamioi bat erostea aurreikusten dute, egungoak 27 urte dituelako,. Horretarako, 290.000 euro bideratuko dituztela jakinarazi dute. Suhiltzaileen kasuan bestalde, liztor asiatikoari aurre egiteko materiala erosteko partida bat bideratu nahi dute, iaz suhiltzaileen ireteera gehienak prebentzio lanekin edo liztorrak erretiratzeko egin zituztelako.
Gastuak murriztu direla ere jakinarazi du Burutaranek. Esaterako, udaltzaingoaren ibilgaiuen errentari dagozkienak, iaz zazpi ibilgailu erosi zituztelako.
Lan eskaintza publikorik ez
Kalean udaltzaingoaren presentzia handitzearen helburua ez dute ordea udaltzaingo kopurua handituz egitea aurreikusten. Burutaranek azaldu du, aurten ez dutela lan eskaintza publikorik egingo. Iaz 49 plaza betetzea aurreikusten zuten, behin-behineko kontratua daukaten udaltzainen egoera erregularizatzeko eta hutsuneak betetzeko, baina ezin izan zuten; “Mariano Raxoiren gobernuak onartutako dekretuaren ondorioz oso mugatua izan beharko luke eskaintzak eta gastuek ez lukete mereziko”, esan du. Aldiz, hurrengo urterako deitzeko aukera aurreikusten dute.
Egun, mugikortasunean 60 kide daude eta udaltzaingoan 360. Azaldu duenez, mugikortasuneko kideak dagoeneko hesiak jartzeko lanez arduratzen dira, adibidez, eta horri esker beste lau udaltzain kalean arituko dira, prebentzio lanak egiten. Gainera, plan bat egiten ari dira mugikortasun agenteek gune geografiko handiago bat har dezaten, eta hala, orain zirkulazioaz arduratzen diren hainbat udaltzain prebentzio lanez ere arduratuko lirateke eta auzo gehiagotara iristeko aukera izango lukete.


