Udalbiltzak Donostian egingo duen batzar eratzailea aurkeztu dio alkateari
Guztira, 1.200 hautetsi eta 150 alkateren babesa jaso du egitasmo eratzaileak.
Udalbiltzak Donostian egingo duen batzar eratzailea aurkeztu dio gaur Juan Karlos Izagirre alkateari. Parte hartze prozesu luze baten ostean, martxoaren 2an egingo dute batzarra, Viktoria Eugenia antzokian hain zuzen. Izagirrek babesa eta atxikimendua eman dio egitasmoari; “alkate bezala babes osoa eman diot egitasmoari eta Viktoria Eugenian ere egongo naiz, parte hartzaile aktibo bezala”, esan du.
Izan ere, Ordiziko alkate eta Udalbiltzako bultzatzaile Igor Egurenek azaldu duenez, aurre prozesu honetan guztira 1.200 hautetsiren babesa jaso dute eta 150 alkate ingururena. Gaur ordea, martxoaren 2ko batzar eratzailea Donostian egingo dutenez, alkateari aurkeztu nahi izan diote; aurkezpen ofiziala, asteartean egingo dute.
Hala ere, Egurenek aurreratu du, batzarraren helburuetako batzuk, lehentasunak finkatzea eta zuzendaritza berrantolatzea izango direla. Gogorarazi du, dena den, duela 13 urte Udalbiltzak ezarri zituen oinarrien gainean egingo dutela hau.
Azkenik, Izagirre zein Egurenenek hautetsi guztiei luzatu die haien babesa emateko gonbitea. Izagirrek Donostiako Udaleko gainontzeko hautetsiei luzatu die gonbitea eta Egurenek Euskal Herriko ia 7.000 hautetsiei.


