'Armado y peligroso' liburuaren aurkezpena eta mahai-ingurua Koldo Mitxelena Kulturunean
Ronnie Kasrils-en Armado y peligroso liburua aurkeztu, eta ondoren solasaldia egingo dute gaur, asteazkena, Koldo Mitxelena Kulturunean.
Ronnie Kasrils bera eta Iñaki Soto, Gara egunkariko zuzendaria izango dira hizlariak. Ronnie Kasrils gidoilari eta zuzendari lanetan ibili da bai zinean eta baita telebistan ere. Jardun politikoari dagokionez, Afrikako Kongresu Nazionalean ardura handiko lanpostuetan aritu zen urte askoan, eta Hegoafrikako Alderdi Komunistan militante izan zen. Apartheida bukatu zenean, Kasrils Defentsa ministro orde izan zen, Ur eta Baso ministro, eta baita Inteligentzia ministro ere. Egun, gatazkak konpontzeko bitartekari gisara egindako lanagatik ezaguna egin da, hala nola, Euskal Herrian.
Gara egunkariko zuzendaria, Iñaki Sotoren laguntzaz, Armado y peligroso liburuan islatuta dagoen klandestinitatearen gordintasunetik Hegoafrikako gobernuaren ezagutzara eraman zuen esperientzia militantearen berri emango du gaurko mahai-inguruan Ronnie Kasrilsek.
Solasaldia 19:00etan hasiko da, eta itzulpen zerbitzua ere izango da nahi duenarentzat.

