Mikel Arretxe, Aitor Olaizola, Nahikari Otaegi, Beñat Apalategi, Adur Fernandez, Oier Llorente eta Igor Alvarez. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Epaiak normalizazio politikoko aldi berriari ez diola erantzuten adierazi dute, eta gazteen absoluzioa eskatu dute.
EAJ eta Bildu udal taldeek Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortutako 15 gazte donostiarren errugabetzea eskatzen duen adierazpen bat adostu zuten, atzo, Giza Eskubideen Batzorde Berezian. Adierazpena EAJk proposatu zuen.
Bertan, “egoera politiko aldakorra” aipatzen da eta baita Ezker Abertzaleak erakutsitako “jarrera berritzailea”, jendaurrean egindako hainbat eginbide direla eta. Hori guztia eta ETAren su-etena ere “egungo egoeraren funtsezko parte” direla adierazi dute. Hori dela eta, Giza Eskubide guztiak osorik eta salbuespenik gabe aldeztu eta errespetatzea eskatu dute, “normalizazio politikoko lehenengo aldi bat finkatzeko giltzarri baitira”.
Hortaz, bi alderdien adierazpenean, beren kezka agertu dute Donostiako 15 herritar gazteren aurkako epaiketa dela eta. Giza eskubideen ikuspegitik, Segi gazte erakundearen ustezko lotura izateagatik erakunde terrorista bateko kide izatea, “biltzeko eta politikan parte hartzeko eskubidea nahiz adierazpen askatasuna errespetatzea kolokan jartzen duen elementua” dela uste dute.
Hala, epaitutako 15 gazteen absoluzioa eskatu dute eta gehitu dute, uste dutela “ildo horretako epai batek laguntza eta erantzun egokia emango liekeela” Euskal Herriko gizartean bizi diren “garai berriei”.
Azkenik, adierazpena Auzitegi Goreneko bigarren salara eta Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko alara bidaltzea adostu dute.
Bihar, elkarrizketa Irutxuloko Hitzan
Aste honetan Irutxuloko Hitza Donostiako 15 auzipetuetako batzuekin bildu da. Adur Fernandez, Nahikari Otaegi eta Aitor Olaizola elkarrizketatu ditu. Bihar argitaratuko da elkarrizketa.