Udako baratzerako hazi trukaketa antolatu du Cristina Eneak
Cristina Enea Fundazioak Haziera izeneko egitasmo berria jarriko du abian . Haziera, haziak eta beren inguruko jakinduria zabaltzeko eta partekatzeko lekua da. Besteak beste Egiako parkeko Ingurumen Baliabideen Etxean kokatutako hazien artxibo bat, tailerrak eta hitzaldiak ditu bere baitan egitasmo berri honek.
Eskala txikiko nekazaritza mantendu, eta landutako bioaniztasunaz kezkatzen diren pertsona eta erakundeentzako topagune izan nahi du Hazierak, eta Ingurumen Baliabideen Etxeko hazien artxibo berri honek landa munduari leiho bat irekitzen dio.
Egitasmo berriari hasiera emateko, gaur, osteguna, Marc Badalek hitzaldia eskainiko du Cristina Enean, arratsaldeko 18:00etan, landutako bioaniztasunari buruz. Gainera, udako baratzerako hazi trukaketa ere egingo da.

