'Beste derbia', bihar Miribillan
Gaur futbola izango da protagonista: Athletic-Reala derbia. Bihar, ordea, saskibaloia nagusituko da. Uxue Bilbao Basket eta Lagun Aro GBCren norgehiagoka izango da Miribillan.
Lagun Aro GBCk Valladoliden aurkako partida irabazi zuen joan den asteburuan, eta Bilbon beste garaipen bat eskuratu nahi du. Aste honetan ez du arazorik izan entrenamenduetan, eta bihar Sito Alonsoren esanetara ariko dira. Partida garrantzitsua izango da Javi Salgadorentzat, bere ibilbidearen zati handi bat aurkariaren taldean egin baitu.
Joaneko partidan bilbotarrek lortu zuten garaipena (60-72).
Donostiako saskibaloi taldeak zaleen babesa izango du gainera. Omnes Uni lagun artea Bilbora joan da gaur arratsaldean; bi autobus bet ditu zaleekin. 150 zale baino gehiago espero dituzte Miribillan.
Fotis Katsikaris-en taldea, berriz, izugarrizko adorearekin dator, Eurocup-eko final-laurdenetarako sailkapena asteartean Rigan partidu gogor batean lortu ondoren. Bilbotarrak azkeneko momentura arte sufritu zuten sailkapena lortzeko, baina jada zortzi onenen artean daude eta koparen kanporaketaren ondorengo etsipena ahaztu dute.