Larunbat arratsaldetik igande gauera espero dute elur-prezipitazio handiena
Udalak elurterako protokoloa abian jarri du.
Larunbatetik astelehenera bitartean elurrari dagokion alerta laranja ezarri dute Donostian Gainera, abisu horia ezarri dute, izozteak direla eta. Donostiako Udalak Elur Plana abian jarri du: 100 tona gatz bildu dituzte suhiltzaileen Garberako egoitzan, eta agente nahiz mekanismo guztiak esku hartzeko prest daude.
Larunbat arratsaldetik igande gauera espero dute elur-prezipitazio handiena. Eguraldi-iragarpenaren arabera, elurrak zuritu egingo du. Horri aurre egiteko, pasaguneak egingo dira, bereziki ospitaleetan, anbulatorioetan, auzoetako merkatuetan eta eguneko zentroetan. Gainera, igande gauean ospitaleetan, eguneko zentroetan, autobusaren ibilbideetan eta Igeldon botako da gatza, prebentzio neurri gisa. Era berean, suhiltzaileen kamioiak, lur orotako ibilgailuak eta anbulantziak 24 orduz erne egongo dira.