"Partida bat baino, jolasa izango da gurea"
San Mamesen jokatuko den azken derbia baino ordu batzuk lehenago, Bilboko BBK Aretoan Bertso derbia jokatuko dute. Athletic-Real derbi berezia bertsoetara jokatua. Arratsaldeko zazpietan hasiko da. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusek Reala ordezkatuko dute, eta Anjel Mari Peñagarikano, Oihana Bartra eta Jone Uriak kolore zuri gorriak defendatuko dituzte.
Real Sociedad taldearen webgunean Reala defendatuko duten hiru bertsolariak elkarrizketatu dituzte. Lujanbioren ustez, “Partida bat baino, jolasa izango da gurea”. Bertso derbia realzaleek irabaziko duten galdetu diete bertsotan. Eta bertsoa jarraituz erantzun dute. Egaña hasi da: “Ez da faltako behintzat gure izerdia”. Lujanbiok jarraitu du: “Aukera izango da erdia eta erdia”. Eta Arzallusek bukatu du: “Garaipena da pozik uztea herria”.
Ekitaldi honen asmoa, bi taldeen arteko elkarren leia eta derbietan sortzen den giro atsegina indartzea da.