Why Not Radio irrati berrirako logoa aukeratzeko lehiaketa antolatu dute
Why Not fundazioak Why Not Radio irratia jarriko du abian laster. On-line entzun ahal izango den irratia izango da, eta urritasun psikikoak dituzten pertsonak izango dira protagonista. Eurei emango zaie ahotsa.
Gaur egun oraindik urritasun psikikoena ezkutuan edo deskonfiantza puntu batez jorratzen den gaia da, eta Why Not elkarteak, jendartean oraindik bizirik dauden aurreiritziak gainditu nahi ditu proiektu honen bidez.
Why Not Radio, buruko urritasunak dituzten pertsonen topagunea bihurtuko da, beren kezkak, helburuak, ilusioa edo beharrak aireratzeko espazio ireki bat. Horretarako, Donostia eta Gipuzkoako beste hainbat zentrotako pertsonekin hasi da lanean Why Not fundazioa. Lehen grabaketak egiten hasi dira, baina irratia abian jarri aurretik, irrati berrirako irudia, logoa aukeratu nahi dute.
Gizarte egitasmo honen irudia izango den logoa aukeratzeko jendearen parte hartzea eskatzen dute. Martxoaren 8a bitartean, edozeinek bidali dezake bere irudi proposamena Why Not fundaziora. Webgune horretan bertan aurki daitezke lehiaketaren nondik norakoak.
Gainera, logo berriaren lehiaketa irabazten duenak sari eder bat jasoko du. Proiektuarekin bat egin duten hainbat enpresek eskainiko dute irabazlearentzako saria. Kasu honetan, bi gau eta afaria goi mailako www.feelfreerentals.com kateko apartamentu batean, Baqueiran edo Donostian. Donostiako afaria NiNeu jatetxean izango litzateke.
Urritasun psikikoak dituzten pertsonek egindako Why Not Radio proiektuaren asmoa, esanahia eta garrantzia hobekien islatzen dituen irudia izango da irabazlea. Irudirik hoberena aukeratzeko gainera, punta puntako epaimahaia izango da. Parte hartuko dute, besteak beste, Eduardo Chillida artistak, Oscar Casla, Callate la Boca markaren sortzaileak, Juanjo Azcarate, CCCko zuzendariak, Pablo Munilla, Why Not fundazioaren kudeatzaileak, eta Silvina Guglielmotti, Why Not Radioko zuzendariak.