Zerbitzuak hobetzeko, udal eraikinak berrantolatu egingo dituzte
Donostiako udal gobernuak udalaren eraikinak berrantolatuko ditu, departamentuen beharrei erantzun eta herritarrei zerbitzu hobea emateko. 2013tik 2017. urtera luzatuko den berrantolaketa egitasmoa aurkeztu dute gaur Juan Karlos Izagirre, alkateak eta Axier Jaka, informazioko zinegotzi ordezkariak.
Hiru irizpideren arabera berrantolatuko dituzte udal eraikinak: dauden eraikinak ahalik eta hobekien erabili eta aprobetxatuz; herritarren beharretara egokituz zerbitzu eta eraikin guztiak; eta herritarrei eskainitako zerbitzua hobetuz.
Juan Karlos Izagirre alkatearen esanetan, “herri baten bizi kalitatea, neurri handi batean, dituen zerbitzuen araberakoa da, eta Administrazioak zeresan handia du horretan. Krisi garai honetan, ditugun udal eraikinak hobeto kudeatu eta antolatzen baditugu, zerbitzu horiek nabarmen egingo dute hobera”.
Axier Jakak adierazi duenez, berrantolaketa hau abian jartzeko hiru oinarri hartu dituzte kontuan. Alde batetik, hainbat bulegotan espazio falta handia dago, espazioak ez daude ongi erabiliak, edo irisgarritasun printzipioak ez dira egoki betetzen.
Bestetik, hainbat udal departamentu eraikin desberdinetan ari dira lanean gaur egun, eta Jakaren hitzetan, “udal departamentuak bateratzea oinarrizko dela uste dugu, hau da, alor bera espazio berean egotea askoz ere logikoagoa da bai langileentzat, eta baita bertara jo behar duten herritarrentzat ere”.
Azkenik, dauden eraikinen berrantolaketan inbertitzea erabaki du udal gobernuak, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzeko asmotan, eta hala herritarren parte hartzea bultzatzeko asmotan.
Juan Karlos Izagirrek adierazi duenez, 2017. urtea jarri dute epe gisa, baina “ez da proiektu itxia, aurreikusi ditugun aldaketez gain bestelako beharrak sortzen badira, zerbitzuak moldatuz joango gara, noski”. Diru kontuei dagokienez, Izagirrek adierazi du ez dela egitasmoaren aurkako osoko zuzenketarik izan, beraz, “udal gobernuaren gestio zuzenaren isla da proiektu hau”. Gutxi gora-behera milioi bat euroko aurrekontua izango duela udal eraikinen berrantolaketa egitasmoak adierazi du alkateak.
Udal eraikinen berrantolaketa
–Udaletxeak ez du ia aldaketarik izango. Dauden zerbitzuez gain egun Morlansen dagoen Jardueren departamentua udaletxera pasako da, eta bi bilera gela berri egokituko dira.
–Aieteko Jauregiko aldaketak eginak daude dagoeneko, 2012. urte amaieran bertara pasa baitzituzten Lankidetza, Kultur Aniztasuna eta gai hauekin zerikusia duten zenbait institutu.
–Goikoa eraikinean herritarrei zuzendutako gai sozialak hartuko dira: Gazteria, Hezkuntza, Partaidetza, Etxegintza, Udal Info eta Lehendakaritza. 2013an egingo dira berrantolaketa hauek.
–Morlanseko Natur Gas eraikinean Udaltzaingoa jarriko dute. Puntu estrategikoan dagoenez, 2014rako bertan bateratuko dituzte Udaltzaingoaren zerbitzu guztiak.
–Mandasko dukearen pasealekuan, Musika eta Dantza eskolaren eraikina hartarako bakarrik egokituko da, espazioak handituz. 2014rako egokitzea espero dute.
–Konstituzio plazan, Euskara Zerbitzua jarriko dute, bere osotasunean. Orain, Emakumeen Etxean daude udal itzultzaileak.
–Emakumeen Etxea, berriz, Okendo Kaleko eraikinean geratuko da, dagoeneko erreferentzia bilakatu baita hirian.
–Viktoria Eugenian, Sustapeneko bulegoak kokatuko dira, orain Morlansen daudenak. Donostia 2016 Kultura Hiriburuaren proiektuak erakar dezakeen turismoa eta sor ditzakeen lanpostuak kontuan izanik.
–Etxe Txurian Sustapeneko bulegoak jarriko dituzte, baina barne langileentzako direnak, herritarren arretarakoak Viktoria Eugenian.
–Urdaneta eta Easo eraikinak etorkizunean elkartzea litzateke egitasmo honen arabera, zentzuzkoena, baina Axier Jakaren esanetan, “urteak beharko dira horretarako, egitasmoaren bukaera aldera edo gauzatuko litzateke”. Momentuz Udala herritarrengana hurbiltzeko espazioa litzateke.