Bera Berako jokalariak, garaipena ospatzen (Argazkia: berabera.com)
XXXIV. Kopako garailea da Bera Bera Eskubaloia. Hala, bere historiako hirugarren Kopa eskuratu du; 2007an eta 2009an ere bera izan baitzen txapelduna. Porriñon (Galizia) jokatutako partidan, final berdindua eskaini dute Bera Berak eta Rocasak, eta azken minutura arte talde batek zein besteak irabaz zezakeen. Azkenean, ordea, Reyes Karrereren taldea izan da garailea, 25-24ko emaitzarekin.
Bera Berak ireki du markagailua, 1-0, baina segituan berdindu dute Rocasakoek, eta aurretik jarri dira. 10-9a iritsi arte, Donostiako taldea ez da aurreratzeko gai izan, baina atsedenaldira lau goleko aldearekin joan dira, 14-10. Bigarren zatian ere ez dute lan erraza izan Karrereren jokalariek, eta 19-19ko berdinketarekin partidak irekia jarraitzen zuen. Penaltiak izan dira finaleko gakoa. Izan ere, Bera Berako atezaina, Darly Zoqbi brasildarra, bikain aritu da, sekulako geldiketak eginez. Bera Berako jokalariek ere ongi baino hobeto egin dute penaltietako lana, eta seitik sei sartu dituzte. Minutu baten faltan, 24-23 jartzen zuen markagailuan, eta 24ra berdindu dute. Matxalen Ziarsoloren penalti jaurtiketa batek ekarri du 25-24ko emaitza, eta hortik segundo gutxira bukatu da partida.
Rocasakoak burumakur, eta Bera Berakoak ezin alaiago. Badute zer ospatua. Ongi merezita, Darly Zoqbi atezaina partidako jokalari onena izendatu dute.
Bera Berako jokalariak, beroketa ariketak egiten, partida hasi aurretik (Argazkia: Bera Bera)