Joseba Alvarez Sortuko koordinatzaile nagusia izango da Donostian
Larunbatean Iruñean burutu zen Kongresuarekin amaitu da Sortzaile eratze prozesua, eta honenbestez, abiarazi du Sortuk bere ibilbide politikoa. Donostialdeari dagokionean, balorazio oso positiboa egin dute Sortzaile prozesuaren garapenaz. Sortuko kideen arabera, azpimarragarriena oinarri sozialak prozesuari eman dion erantzuna izan da. “Hamabi gunetan burutu ditugun bost batzarretan, guztira, 700 pertsonatik gora parte hartu dute eta oso aberasgarriak izan dira gai ezberdinen inguruan burutu diren eztabaida eta hausnarketak.
Azken batzarretan, Sorturen egiturako ardura guztiak erabaki genituen. Nazio eta herrialde mailako egiturekin batera, Donostiako egitura ere zehaztu zen batzar horietan”, azaldu dute.
Sorturen baitan, Donostiako Mahaia izango da hiriburuko marko politiko nagusia eta hau osatuko duten 29 militanteak ere finkatu dira honezkero. Mahaiaren osaketarako, genero eta adin ikuspegitik oreka bilatu dute. Aldi berean, “borroka eta lanerako eremu ezberdinak” ordezkatuak egongo dira bertan. Donostialdeako “auzo eta herri guztiak” ordezkaturik egongo dira ere. Talde horren buru, militantziaren erabateko adostasunaz, Sortuko Donostiako koordinatzaile berria Joseba Alvarez izango
da.
Honekin batera, auzoetako egiturak finkatu dira Donostialdeako hamabi auzotan: Antigua, Añorga, Amara, Amara Berri, Loiola, Martutene, Egia, Gros, Intxaurrondo, Igeldo Altza eta Bidebietan. Helburu estrategikoak zehaztea eta horien baitako plangintzak egitea izango da hurrengo urratsa, Sortuko kideen arabera. Herri eragileekin eta herritarrekin buruz buru lan eginez, Donostian aldaketa politikoa eta soziala gauzatzeko indarrak biltzea izango dute gure erronka nagusia.