Produktu ekologikoei buruzko jardunaldiak Parte Zaharrean
Biolur Gipuzkoa elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ENEEK-k (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak) ekologiaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte.
Gaur, astelehena, Bertako abeltzaintza ekologikoaren produktuen onurak izenburuko mahai-ingurua egingo dute Udaletxeko Udalbatzar aretoan, 19:00etan. Bertan abeltzaintza ekologikoen oinarriak zeintzuk diren azaltzeaz gain, modu konbentzionalean ekoitziriko elikagaien eta elikagai ekologikoen ezberdintasun nutrizionalak izango dituzte hizpide.
Honako hauek izango dira hizlariak: Maria Dolores Raigon Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Eskola Agronomo Teknikoko katedraduna, Koldo Lizarralde Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapenerako Zuzendari Nagusia, Miriam Arrizabalaga Gipuzkoako Biolur elkarteko presidentea eta Enrike Gisasola eta Aitor Aranburu abeltzainak. Xabier Lejarzegi Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren (ENEEK) koordinatzailea ariko da moderatzaile lanetan.
Ekimen hau herritar eta kontsumitzaile orori zuzenduta dago.
Bigarren saioa, bihar izango da.Produktu ekologikoei buruzko hitzaldia egingo dute Parte Zaharreko Gastronomia kofradian, 12:00etan, eta 14:00etan produktu ekologikoen dastaketa.
Ekimen hau ostalaritza, harategi eta sukaldaritza eskoletako eta elkarte gastronomikoetako kideei eta oro har ekoizleei zuzendua izango da.