Drift lasterketak hirian egiteko proposamena luzatu dio PPk Bilduri
Auto lasterketa txapelketa Miramon inguruko errepidean egiteko eskatu dute.
Drift izeneko auto txapelketak Donostian egiteko proposamena luzatu dio PPk udal gobernuari. Iñigo Arcauz zinegotziak azaldu duenez, auto lasterketa mota hauek gero eta jarraitzaile gehiago dituzte Europan, eta hiriarentzat bultzada ekonomiko handia izango litzateke.
Lasterketa 1,5-2 kilometroko tartean egiten da, eta baloratzen dena gidariak maniobrak egiteko duen abilitatea da. Azaldu duenez, Miramon eta Illunbe arteko errepidea ezin hobea da ikuskizuna egiteko.
Arcauzek esan duenez, hau antolatzeak ez luke inongo kosturik suposatuko udaletxearentzat, babesle asko dituen kirola delako. Azaldu duenez, proposamena jada udal gobernuaren eskuetan dago, eta laister erantzun bat espero dute.