‘Gazta zati bat’ filmaren musika ekarriko dute igandean Intxaurrondo kultur etxera
Esne Beltzako taldekide batzuk, Keu Agirretxe musikaria eta Udane Juaristi margolaria izango dira taula gainean.
Izenburu bera badu ere, ez da Gazta zati bat filmaren proiekzio bat izango; Jon Maiaren dokumentaleko musika agertoki batean eta zuzenean ikusteko emanaldi bat izango da. Igandean, Intxaurrondo kultur etxean Esne Beltzako Xabier Solanok eta Zigor DZk filmaren harira mamitutako ikuskizuna izango da ikusgai.
Musika, irudiak eta zuzeneko sorkuntza nahastuko dituen egitasmo honetan bidelagun dituzte Keu Agirretxea eta Aitor Zabaleta musikariak eta Udane Juaristi margolaria. Denak elkarrekin igoko dira oholtza gainera. Gazta zati bat-en bidaia musikaz jantzi duten abestien doinuak proposamen zahar berriekin uztartuz. Begi-belarriei bidaia berri bat proposatuz.
Askotariko abestiak
Xabi Solanok eta Zigor DZk Gazta zati bat dokumentalerako eginiko abestiak joko dituzte, baina beste abesti batzuk ere izango dira entzungai. Keu Agirretxearen Idazten dizudanean eta Jantzi urdina, esaterako. Baita Esne Beltza nahiz Esne Zopaken abestiren bat edo beste. Denak ere, laukote honentzako moldatuak.
Emanaldiak irauten duen bitartean Udane Juaristi margolariak horma irudi handi bat osatuko du. Bera ere eszenatoki gainean izango da.
Igandean Donostian egingo duten emanaldia Korrika Kulturalaren baitan egingo duten saioetako bat izango da. Intxaurrondon jo eta gero Ordizian (martxoaren 9an) eta Gernikan (martxoaren 10ean).