Donostiako ‘habi etxe’ bat. (Argazkia: Myme)
Etxean Bezala izena du proiektuak eta 0 eta 3 urte arteko haurrentzako dago bideratuta.
Umeak zaintzeko alternatiba gisa aurkeztu dute gaur Etxean Bezala,
habi etxeen proiektua. Haurren eta Familien arretarako Gipuzkoar Elkartea (Myme) izan da proiektu honen bultzatzailea, eta 0 eta 3 urte bitarteko umeen heziketara bideratutako bi etxe ireki dituztela azaldu dute. Honelako proiektuen helburua, haurrak “etxearekin antza handiena duen” inguru batean hazi eta heztea dela azaldu dute.
Horretarako, txikienei
habi etxe deiturikoetan hazteko eta hezteko aukera eskaintzea da helburua, talde txikietan eta prestatutako zaintzaileekin. Umeen zaintza, zaintzaileen etxeetan egiten da. Etxe hauek, horretarako egokitzen dituzte, eta zaintzaileek ere formakuntza berezia jasotzen dute horretarako. Halako esperientziak Europako beste hainbat herrialdetan egin direla azaldu dute gaur, besteak beste, Frantzian, Italian edo Erresuma Batuan.
Ordutegi zabala eskainiko dute bi etxe hauetan, 8:30ean hasi eta 16:30ak bitartekoa hain zuzen. Kostuari dagokionez, 460 eta 595 euro bitarteko hileko kuota izango du zerbitzuak.
Oraindik umerik ez
Gaurtik aurrera etxeak zabalik dauden arren, oraindik ez dago umerik bertan. Hori bai, irailerako erreserbak eginda daude eta baita haurdun daudenenak ere. Bestalde, formazioa duten beste 20 emakume daude Gipuzkoan beste habi etxe bat irekitzeko asmoarekin.
Bestetik, azaldu dute habi etxeen sistema ez dagoela Espainian ez Euskal Autonomia Erkidegoan erregulaturik, eta gaurko aurkezpena instituzioei horretan neurriak hartu ditzaten eskatzeko ere baliatu dute.