Herrirak gutun bat helarazi dio Danimarkako kontsulari, Parot doktrinaren berri emateko
Donostialdeko Herrira mugimenduak kanpaina bat abian jarri du Europako Batasuneko herrialdeek Parot doktrinaren berri izan dezaten. Horretarako, herrialde horiek Gipuzkoan dituzten kontsuletxeetara joateko asmoa dute, presoei aplikatutako doktrina “bidegabea” salatzeko. Danimarkako kontsuletxera joan dira gaur Donostialdeko Herrirako lagunak, Errenteria-Oreretara, herrialde horretako kontsulari gutun bat helarazteko asmoz.
Hain zuzen ere, eskutitzean Parot doktrina sei preso donostiarri aplikatu zaiela nabarmendu dute: Txomin Troitiño, Antton Troitiño, Maitane Sagastume, Mikel Benaito, Oscar Cadenas eta Jon Aginagalde. Orotara, 72 euskal preso dira 197/2006 doktrinaren aplikazioa sufritu dutenak. Kasu batzuetan, 20, 25 eta 30 urte eman dituzte espetxean, eta badira adinean aurrera doazenak eta eritasun larriak dituztenak ere.
Herrira mugimenduko kideek salatutakoaren arabera, “Espainiak euskal preso politikoen giza eskubideak urratzen ditu, milaka pertsonen sufrimendua eraginez eta Euskal Herrian abian den konponbiderako prozesua oztopatzeko helburuarekin. Presoen espetxe zigorrak bidegabeki luzatzeaz gain, senideengandik ehundaka, milaka, kilometrora urruntzen dituzte, eta inkomunikazio eta bakartze erregimen bereziak ezartzen dizkiete”.