‘Kaixo!’ kanpainaren aurkezpena Erdialdean, Casa Rodriguez dendan. (Argazkia: K. M.)
Guztira 191 dendatan jarriko dute bereizgarria; hiriko hamar kaletako saltokietan hain zuzen.
Euskaraz hartzeko gaitasuna duten denda zein tabernatan
Kaixo! errotuluak aurkitu ahal izango dituzte bezeroek hemendik aurrera. Gaur aurkeztu dute egitasmoa eta kanpaina, Urbieta kaleko Casa Rodriguez dendan. Euskara ordezkari Nerea Txapartegik azaldu du guztira 191 denda zein ostalaritza negozioetan jarriko dutela ikurra. Honela, bezeroak sartu bezain pronto jakingo du bertan euskaraz egiten dela.
Txapartegik azaldu duenez, 2012an egindako ikerketa batean, zazpi auzotako 10 kaletako 544 negozioren egoera ikertu zuten. Bertan, ondorioztatu zuten, 191 lekutan euskaraz hartzen zela bezeroa. Beraz, leku horiei
Kaixo! errotuloa emateaz gain, ohituraz, bezeroak “kaixo” esanez hartzeko gonbitea luzatu die Txapartegik.
Bezeroak eroso sentitzeko
Casa Rodriguez dendako arduradun Mari Jose Rodriguezek azaldu du, beraien helburua bezeroak eroso sentitzea dela eta euskaldunak badira, hori zaintzea garrantzitsua dela haientzat. Gainera, esan duenez bertako bost langileak euskaldunak dira; “guk beti esaten dugu ‘kaixo’ lehen hitz bezala, beraz kanpainak ia guretzat egina dirudi”, esan du.
Negozio hauek dauden kaleak, Antso Jakituna kalea, Fermin Calbeton kalea, Garibai kalea, Hondarribia kalea, Karmengo Andre Maria kalea, Larratxo kalea, Madril hiribidea, Matia kalea, Secundino Esnaola kalea eta Urbieta kalea dira.
Hurrengo egunetan, 191 negozioetara bisita egiten joango dira, haien errotuluak banatu eta kanpainaren berri emateko.