Txomin Eneako bizilagunentzako Morlansen aldi baterako egokitutako etxebizitzak zozketatu dituzte
Udalbatza aretoan egin dute zozketa uholdeak saihesteko plana dela eta, etxez aldatu beharko duten 26 familientzat
Uholdeak prebenitzeko plana dela eta, Txomin Eneatik lekualdatuko diren familientzako Morlansen egokitutako etxebizitzen zozketa egin dute. Udalbatza aretoan egin dute zozketa, eta bertan izan dira Juan Karlos Izagirre alkatea eta Etxebizitza eta Hirigintzako zinegotzi Ricardo Burutaran.
Guztira 26 dira Txomin Eneako Aita Abarzuzan bizi diren eta uholdeak saihesteko planak eragingo dien familiak. Planak, etxe horiek eraustea hartzen du baitan; ondoren berriak eraikiko dituzte. Bitarte horretan, udalak egokituta, familiak Morlansen izango dute bizitokia.
400 euroko laguntza
Burutaranek azaldu duenez, etxebizitza guztiak antzekoak dira; bi gela, bi komun, sukaldea eta egongela izango dituzte. Desberdintasun bakarra, etxebizitzen altura eta trastelekuaren kokapena izango lirateke.
Behin giltzak emanda (bihar eta etzi artean), familiek 20 eguneko epea izango dute etxe aldaketa egiteko. Horretarako udalak 400 euroko diru laguntza eman die familia bakoitzari.