1813 Cronicas donostiarras idatzi du Jose Antonio Azpiazuk. Legazpiarra da jaiotzez, baina Donostian bizi da; eta ukitu gabe zeuden artxiboak aztertu ditu, duela bi mende gertatutakoen berri izateko. Orduko donostiarren ahotsak jasotzea lortu du Azpiazuk, eskribauen agirietatik, esaterako.
Donostiako Udaleko artxiboak eta Oñatikoak ikertu dituela jakinarazi du gaurko aurkezpenean. Zehazki, 1813 eta 1823 urteen arteko gertakariak aztertu ditu, hiriaren berreraikitzearen berri izateko. Izan ere, hiria 1813an erre bazuten ere, urte asko behar izan zituzten guztia osatzeko. “Ingelesek nahita suntsitu nahi zuten hiria, donostiarrak arerio gogorrak zituztelako uretan”, azaldu du Azpiazuk. “Hiria hiru aldetatik erasotua izan zen, espainiar, frantses eta ingelesen bidez”.
Azpiazuk onartu du, emakumea tartean zegoen historiek harritu dutela gehien. “Maiz emakumeak euren nagusien salbatzaileak izan ziren. Aberatsek sutean euren ondasun guztiak galdu ostean, euren zaintzaileak izan zirelako emakumeak”, gehitu Azpiazuk. Edonola, izandako suntsiketa gogorraren ondorioz, orduko donostiarrek aurrera egiteko izan zuten kemena nabarmendu du egileak.