Udalak milioi bat euro gehiago ordaindu beharko dio Nuevo Desarrollo de Anoeta enpresari
Ordainketa hau Illunbe auziko kalte-ordain gisa ordaindu beharko dio; guztira 22 milioi ordaindu dizkio enpresa honi.
Udal gobernuak jakinarazi duenez, Donostiako Udalak milioi bat euro gehiago ordaindu beharko dio Nuevo Desarrollo de Anoeta (NDA) enpresari, Illunbe auziko kalte-ordain gisa. Azaldu dutenez, bihar onartuko dute diru kopuru horren ordainketa, eta horrekin guztira 22 milioi euro izango lirateke, jada udaleko kutxatik NDArik kalte-ordain gisa ordainduko dioten dirua. Udal gobernuak esan du, hau aurreko gobernuaren kudeaketaren ondorio dela.
Ordainketa hau, iazko martxoan EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren ostean dator. Izan ere, epaiak NDAri ordaindu beharreko zenbatekoaren muga 8 milioitan ezarri zuen. Azaldu dutenez, udaleko zerbitzu juridikoen arabera, kopuru horretatik milioi bat euro bakarrik dagokio ordaintzea udalari.
Diru hau 2012ko aurrekontutik erreserbatutako partida baten bidez ordainduko dutela jakinarazi dute. Bestalde, ordainketa horrek udalak inbertsioak egiteko duen gaitasuna murriztuko duela azaldu dute.
Bilera NDArekin
Ogasuneko ordezkari Jabi Vitoriak azaldu duenez, ahaleginak egingo dituzte ahalik eta gutxien ordaintzeko; “udal gobernu honek bere esku dauden tresna eta indar guztiak erabiliko ditu Donostiak eta, beraz, donostiarrek, ahalik eta diru gutxien ordaindu behar izan dezaten”, azaldu du. Bestalde, Ogasuneko ordezkariak zehaztu du udal gobernuak Nuevo Desarrollo de Anoeta enpresari bilera bat eskatuko diola, hartutako erabakiaren berri emateko.


