3.000 emakumek hartu dituzte kaleak
Parte hartze marka guztiak hautsita, emakumeek 24. Lilatoia egin dute.
Lila eta arrosa kolorez beteta esnatu da eguna. Lilatoiaren 24. ekitaldian 3.000 emakumek hartu dituzte kaleak. Parte hartze marka guztiak hautsi dituzte. Iaz baino 600 emakume gehiagok eman dute izena lasterketan. Eguraldi ona lagun, lasterketa bizi eta ederra egin dute korrikalari eta patinatzaileek.
Urtez urte indartzen doan lasterketa da Lilatoia. Emakume batzuek martxoaren 8ko Emakumeen Egunaren harira antolatu zuten lehenengo aldiz Lilatoia, 1990ean. Urteroko manifestazioaz gain, «beste zerbait» egin nahi zuten. Garai hartan leku itxietan bai, baina kirola kalean egitera ez zen emakume gehiegi animatzen: hori haustea zen helburua. 115 emakume inguruk parte hartu zuten orduko hartan.