Satrustegi etorbideko lurjausiak konpontzeko lanak hasi dituzte
Gaur hasi dituzte lanak eta bost asteko iraupena izatea aurreikusten dute.
Euriteen ondorioz azken hilabeteetan lurjausiak izan dituzten mendi mazelak egonkortzeko lanak abiatu dituzte. Jakinarazi dutenez, Ondarreta aldean, Satrustegi etorbidean egingo dituzte lehen lanak. Hauen zehaztasunei dagokienez, orain jarrita dagoen hesia kenduta, ibilgailuak eta oinezkoak obra eremuaren arabera desbideratuko dituzte.
Bestalde, 4 metroko hormigoizko plataforma bat utziko dute, zirkulaziorako bide bat irekita egon dadin, bai egunez, bai gauez. Lanak hastean, lurjausian eroritako materiala erretiratu, babesteko buloiak, sare eta kable metalikoak jarriko dituzte, baita hesi dinamikoa ere.
Satrustegiko lanei lehentasuna eman diote, mendi-mazelaren ezegonkortasun eta arrisku maila beste tokietakoa baino handiagoa dela eta. Ondoren, Paseo Berriko, Haize Orraziko, Uliako eta Igeldora igotzeko errepideko mazeletan egingo dituzte egonkortze lanak. Bestetik, Katalina Eleizegiri dagokionez, ingurua egonkortuta eta kontrolatuta dagoela esan dute.
Trafiko eta oinezkoentzat, aldaketak
Lan horiek bost asteko iraupena izango dutela azaldu dute, eta trafikoari dagokionez, lehen hiru egunetan, gaurtik asteazkenera galtzada eta espaloia erabat moztuko dituztela esan dute. Bestetik, buloiak jartzen dituzten bitartean, martxoaren 7tik 15era, egunez, oinezkoek bide alternatiboa hartu beharko dute, hau da, Tenis kluba gurutzatu beharko dute. Hau, astegun gauetan, 22:00etatik 07:30era, eta asteburuetan egun osoz, irekita egongo da. Martxoaren 7tik obra bukatzen den arte, ibilgailuek bide alternatiboa izango dute, errei bakarretik.
Satrustegi inguruko bizilagunek dagoneko jaso dute egingo diren lanei buruzko informazioa, Udaleko Hiri Azpiegituretako Departamentuko zenbait teknikari haiekin bildu baitira aste honetan, xehetasunen berri emateko. Gainera, kartelak ere jarri dituzte, bai bizilagunak, bai gainerako oinezkoak informatzeko.
Era berean, Dbus, mugikortasuneko agenteak eta Udaltzaingoa koordinatuta eta prestatuta daudela jakinarazi dute, behin-behineko aldaketa horietarako.