Sei talde donostiar aukeratu dituzte Kutxa Kultur Musikarako
Kutxa Kultur 2013 osatzen duen programazio osoa aurkeztu dute gaur goizean. Kutxa Kultur Musika, Kutxa Kultur Moda eta Kutxa Kultur Hiria barneratzen ditu Kutxa Kultur 2013k, eta guztien xehetasunen berri eman dute prentsaurrekoan.
Kutxa Kultur Musikari dagokionean, lehiaketara aurkeztutako taldeetatik hamaika hautatu dituzte, eta horien artean, sei donostiarrak dira: Grande Days (rock independentea), Screamin Target (punk), Codigo Bushido (pop), Roulot (pop), Jus (Grunge-rock) eta UK Bill (rock). Honako gainontzeko taldeek osatzen dute hamaikakoa: Napoka Iria (Elgoibar), Lou Topet (Zarautz), Buffalo (Zarautz), Cohen (Urnieta) eta Istrian (Oiartzun). Hamaika talde horiek hiruna emanaldi egingo dituzte Kutxa Kultur 2013an. Bi emanaldi, Kutxa Kultur Hirian (ekaina eta iraila), eta beste bat, Kutxa Kultur Festibalean (iraila). Gainera, horietako hiru taldek laugarren emanaldi bat eskainiko dute, honako ekimenetan: Donostiako Jazzaldia (uztaila), Loiola Kaleko Musika Eguna (ekainak 22), eta Irun Rock (iraila). Horretaz gain, musika zirkuituak aurrera darrai, eta Neil Halstead eta Jojo acha gipuzkoarraren kontzertuen ostean, ostiral honetan, martxoak 8, Julieta Venegasen emanaldiaz gozatzeko aukera izango da, Getariako Balentziaga Museoan, 20 euroren truke. Larunbatean, berriz, Francis Alun Bell arituko da Arrasateko Kulturate gunean, doan. Martxoaren 24an, Adrian Crowleyren txanda izango da, Zarauzko Cine Modelon, 9 euroren truke. Azkenik, apirilaren 13an, Nick Lowe Antzoki Zaharrean arituko da, 20 euroren truke.
Kutxa Kultur Moda 2012ri zegokion desfilea, San Telmo Museoan egin zuten, urrian, eta Amaia Zabala antiguatarra izan zen irabazlea. Berarekin batera, ordea, beste zortzi diseinatzaile saritu zituzten, eta horiek guztiek beste desfile batean parte hartzeko aukera izango dute, apirilaren 6an, Getariako Balentziaga Museoan. Honako diseinatzaileen lanak ikusteko aukera izango da: Amaia Zabala, Iraia Oiartzabal, Nerea Lurgain, Roger Blomkvist, Mikel Colas, Q, Numero 9, Maia Apaolaza eta Letitare. Desfile berezia izango dela esan dute aurkezpenean, lorategietan eta museoaren barnealdean egingo baitute. Gainera, Anni B Sweet taldea zuzenean arituko da giroa alaitzen.
Kutxa Kultur Hiria, aurtengo Kutxa Kultur ekimenaren berrikuntza da, eta antolatzaileentzako apustu nagusia. Donostia sortzaileentzako topagune bihurtu nahi dute. Hala, uda hasierako eta bukaerako bi asteburutan, Erdialdeko zenbait kale itxiko dituzte, sortzaile gazteek euren lanak erakutsi eta partekatzeko aukera izan dezaten, dela komikia, artea… ekimenaren bidez, hainbat balio sustatu nahi dituzte, elkartasuna, truke justua, ingurumenarekiko errespetua, familia elkarbizitza, sormena, aisialdi osasuntsua… bertan parte hartu nahi duten sortzaileek dagoeneko izena emateko aukera dute. Horretarako, hiria@kutxakultur.com posta elektronikora idatzi beharko dute.
Datozen hilabeteetan, data zehatzen berri emango dutela eta falta diren gainontzeko kontuak zehaztuko dituztela esan dute.