25 eurogatik bertako produktu freskoak jateko aukera eskainiko dute
Udaberriko ‘Restaurant Week’ aurkeztu dute; 23 jatetxetan, prezio onean, menua jateko aukera ematen duen astea.
Martxoaren 11tik 24ra, Donostiako eta Gipuzkoako hainbat jatetxetan 25 eurogatik (gehi BEZa), bertako produktu freskoez osatutako menua eskainiko dute. Gaur aurkeztu dute iaz hasi zuten egitasmoa, eta gorantz doan arrakasta mantentzea da helburuetako bat.
Restaurant Week, 23 jatetxetan egingo dute, horietatik 13 Donostian bertan daude eta besteak lurraldean banatuta. Iaz, udaberrian eta udazkenean egin zuten ekimena eta batetik bestera izugarri igo zen kontsumitzaile kopurua. Hain zuzen ere, lehenenengoan 300 lagunek hartu zuten menua eta udazkenekoan 900ek. Aurten kopuru horiek hobetzea espero dute.
Erreserbak webgunean bertan egin daitezke eta jatetxeetan bertan ere bai. Sare sozialak ere erabiliko dituzte zabaltzeko, eta herritarrek lagun artean zabaltzeko deia egin dute.
Donostia Turismoko arduradun Manu Narvaezez azaldu du jatetxeetako arduradunekin hitz egiten, gauza bat argitu nahi izan dutela. Hain zuzen ere, orain “hain modan dauden” eskaintza orrialde eta abarrekin ez dute alderatu nahi jatetxeen aste hau. Izan ere, produktu onak, freskoak merezi duten prezioan eta ondo eginda eskaintzen dituztelako.


