Emakumeen egunaren inguruan egitarau zabala aurkeztu dute
Manifestaziora ere deitu dute; ostiralean irtengo da 19:30ean, Bulebarretik.
Donostiako Udaletik deia egin dute Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzera. Martxoaren 8ko udalaren leloa Errotik berdintasuna eraikiz dela azaldu du Berdintasun zinegotzi Naiara Sampedrok. Egunaren harira, emakume talde eta elkarte feministekin elkarlanean antolatu dituzten ekimenak azaldu dituzte.
Ostiralean Bulebarretik irtenda, 19:30ean, Donostiako Koordinadora Feministak deitu duen manifestaziora joateko gonbitea luzatu du Sampedrok; “emakumeenganako bereizkeria gure egunerokoaren zati bat delako eta hori aldatzeko oraindik asko dagoelako egiteko”, esan du zinegotziak. Gaineratu du, egunak duen “sinbolismoetatik haratago”, horrelako egunak behar-beharrezkoak direla.
Azkenik, egun honen inguruan ez ezik, udal gobernuak urte osoan zehar, berdintasunaren alde borrokan diarduela azaldu du. Hala nola, hiriko diagnostikoa egin dutela esan du eta III. Berdintasun Plana abian dagoela, sail guztien elkarlanarekin, eta sail guztietan genero ikuspegia txertatzeko helburuarekin.
Egitaraua, gaurtik hasita
Agerraldian, egitaraua osatu duten elkarteetako kideak ere izan dira, haien prposamenak zabaltzen. Horien artean, erakusketa, antzerki, zine emanaldi, hitzaldi, kontzertu, herri bazkari eta abar daude.
Gaur bertan esaterako, 18:00etan, 80 egunean filma jarriko dute Intxaurrondo Berri kultur etxean, eta bertan izango dira Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño zuzendariak ere. Bihar bestalde, Gehituk antolatuta, Memoria y sexualidad de las mujeres bajo el franquismo dokumentala jarriko dute 19:00ean Okendo kultur etxean.
Besteak beste, ostegunean, Aranzazu etxeko andreen elkarteak Violencia machista; mitos y falsas realidades hitzaldia emango du Ramon y Cajal kalean duten elkartean, 19:00etan. Egun berean hasiko da Dandai elkarteak Egiako kultur etxean hilabetean izango duen margolanen erakusketa: Dandaitik sortzen.


