
Udal gobernuak herritarrei zuzenean aurkeztu nahi die 2013rako prestatu duen aurrekontu proiektua,
Zurekin, makina bat proiektu leloarekin. Bada lehenengo bilera astearte arratsaldean egin dute, Altzako Tomasene kultur etxean, 40 bat lagunen aurrean. Juan Karlos Izagirre alkatea, Ogasuneko ordezkari Jabi Vitoria eta Partaidetzako zinegotzi Axier Jaka bertan izan dira, bildutakoei euren asmoen berri azaltzen.
Bertaratutakoek txosten bat jaso dute bilera hasi aurretik, aurrekontu proiektuaren nondik norakoekin. Egitasmoak 354.786.822 euro aurreikusi ditu orotara,hainbat arlotan banatuta: inbertsioek hartzen dute zatirik handiena; 54.251.299 euro, hain justu.
Alkateak hartu du hitza lehenik,eta aurrekontuak gobernu baten “borondate politikoaren isla” direla nabarmendu du,zenbaki eta matematika ariketak baino harago. Era berean,Izagirrek esan du krisiak ez duela udal gobernuarentzat oinarrizkoak diren zerbitzuetan eraginik izan. “Krisia egon ala ez, pertsonetan inberti daiteke,lana sor daiteke,gizarte zerbitzuak hobetu daitezke eta emergentziako laguntza eta zerbitzuek bere horretan jarrai dezakete”,esan du alkateak.
Ostegunean izango da hurrengo bilera, Antiguako Lugaritz kultur etxean. Datorren asteko asteartean eta ostegunean, berriz, Martuteneko gaztelekuan eta San Telmo Museoan egingo dituzte, hurrenez hurren. Bilera guztiak 19:00etan hasiko dira.