
Bukowskiko arduradunak, Iñaki Egitegi, Josu Urbieta eta Asier Aizpuru, gaur goizeko prentsaurrekoan. (Argazkia: E. Zabala)
Egiako Le Bukowski Musika Klubak Ze premikin! jaialdia antolatu du aurten ere. Jaialdia martxoaren 27an izango da, eta hasiera Bukowskin bertan izango duen arren, kontzertu sorta handia Gazteszenan izango da. Guztiaren berri zehatza emateko, aurkezpena egin dute Bukowskiko arduradunek, gaur goizean.
Ze premikin! jaialdia antolatzeko, Donostia Kulturaren eta San Miguelen babesa du Le Bukowskik. “Bukowskiko jarduera pareta hauetatik kanpo ateratzea da helburua, eta hemen bertan egiterik izango ez genuen jaialdia antolatzea”, azaldu du Josu Urbietak. Hasteko, 20:00etan, Ameriketako Estatu Batuetako Bad Sports taldea izango da zuzenean, Le Bukowskin. Kontzertuak ordubete iraungo du, eta sarrera doakoa izango da. Ondoren, Gazteszenara igaroko da jaia, 21:00etatik 6:00etara, eta honako taldeak arituko dira zuzenean, eszenatoki nagusian: Lisabo (Irun), Atom Rhumba (Bilbao), Lobo electrico (Tolosa), Willis Drummond (Baiona), Inoren Ero ni (Andoain) eta Nobunny (AEB). Horietaz gain, bi DJ arituko dira: DJ Makala (Zarautz) eta DJ Budin (Iruñea).
Gehienez 700 lagun sar daitezke Gazteszenan, eta sarrerak dagoeneko salgai daude
kutxasarrerak.net webgunean. Aldez aurretik erosita, 8 euro ordaindu beharko dira, eta kontzertuen egunean bertan erosita, berriz, 10 euro. “Iaz bezala, sarrerak oso merke jarri ditugu, jaia behar bezala ospatzeko. Jenderik gabe ez dago jaia egiterik”, adierazi du Urbietak.
Horrekin nahikoa ez, eta martxoaren 29an ere bisita jasoko dute Bukowskin. Bi talderen kontzertuak izango dira; L’asasssins (AEB) eta The jancee pornick cassino (Errusia-AEB). Kontzertuak 20:00etatik 22:00etara izango dira, eta sarrerek 8-10 euroko prezioa izango dute.
Gainontzean, musika progamazio zabala eskaintzen jarraituko du Bukowskik eta dagoeneko itxita duten eskaintza euren
webgunean bertan ikus daiteke. Aipatzekoa da, donostiar kutsua duten hainbat taldek euren disko berriak aurkezteko kontzertuak eskainiko dituztela; Triz3ps (martxoak 15), Rafa Berrio (apirilak 4) eta Elkano Browning Cream (apirilak 28).