%60a birziklatzea lortzeko kanpaina abiatu dute
‘Let’s 60%’ leloa Dbus eta hiri zerbitzuetako ibilgailuetan ikusi ahal izango da.
Udal talde guztiek bat egin zuten 2016rako %60ko birziklatze tasa lortzearen erronkarekin. Let’s 60% kanpaina hiritarren konplizitatea bilatzeko helburuarekin aurkeztu dute gaur.
Datorren hilabetean zehar hiriko Dbus autobusetan ikusi ahal izango da kanpainaren leloa, eta epe mugagabean hiriko zerbitzuetako ibilgailu eta jantzietan. Hiri Zerbitzuetako zinegotzi ordezkari Nora Galparsorok azaldu duenez, “ezinbestekoa” da hiritarren laguntza birziklapen helburuak lortzeko.
Izan ere, egun %30,4 birziklatzen da Donostian. Tasa hori %60ra igotzeak aldaketa kuantitatibo argiak ekarriko lituzke hiriarentzat. Galparsorok azaldu duenez, 23.000 tona errefusa gutxiago sortu lirateke urtean, eta honek, 3,6 milioi euro gutxiagoko kostua izango luke hirian besteak beste.
Beste hainbat ekimen aurreikusten dituzte. Hala nola, webgune baten sorrera zein auzo eta herrietan egingo dituzten lanketak.


