‘Begirada bi’ diskoaren aurkezpena. Ezker eskuin: Kutxako Mikel Mendarte, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa, Iñaki Salvador pianista eta Olatz Saitua sopranoa (Argazkia: Nagore Koch)
Begirada bi, halaxe izena du Kutxaren gizarte ekintzak babestutako disko berriak.
Betiko kantak jarri diote izenburupean, eta ez da harritzekoa,
Ilunabarra, Donostiako hiru damatxo, Kaia barrenean, Pello Joxepe, Haurtxo Txikia eta antzeko doinuek osatzen baitute 23 abestiko diskoa. Iñaki Salvador pianista eta Ainhoa Zubillaga mezzosoprano donostiarrak eta Olatz Saitua soprano bilbotarra dira diskoko protagonistak, eta guztiz harro daude azken emaitzarekin.
Donostiako kantu zaharrak liburua du oinarri proiektuak, 1971n Kutxak argitaratutako lana da, eta 90 herri kanta biltzen ditu. Tomas Garbizuk moldatutako partiturak biltzen zituen liburu hark, eta horien artean aukeraketa egin dute, diskoa osatzeko. “Proiektua aurkeztu zigutenean, bihotza ukitu ziguten”, aipatu du Kutxako Mikel Mendartek. Abestiak hautatu ostean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Miramonen duen egoitzan egin zuten grabaketa, zuzenean, baina publikorik gabe. Saituaren hitzetan, erraza da abesti horiekin bihotza ukitzea, betiko kantak baitira. “Abesti horiek oraindik bizirik daude gure artean, kalean, kuadrilletan, abesbatzetan… jendeak kanta horiek benetan sentitzen ditu”, adierazi du Saituak. “Euskal abeslariekin maiz lan egin dudan arren, sekula ez nuen euskal musika abeslari lirikoekin edo klasikoekin landu”, gehitu du Salvadorrek. Abesti batzuetan, Garbizu beraren moldaketak errespetatu ditu Salvadorrek, eta beste batzuetan, berriz, bere moldaketak sartu ditu pianistak berak. “Garbizuren lana eta nirea elkartuta daude, baina ez nahastuta”, azaldu du Salvadorrek.
Larunbat honetan bertan, martxoak 9, 11:00etan, zuzeneko emanaldia eskainiko du hirukoteak, diskoa grabatu zuen toki berean, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan.