EH Bilduko emakumeek eraldaketa sozial feminista aldarrikatu dute
Antiguako Lanbideren bulegoen aurrean egin dute elkarretaratzea eta martxoaren 8ko mobilizazioetara deitu dute.
EH Bilduko emakumeek elkarretaratzea egin dute Antiguako Lanbideren aurrean. Martxoak 8ari begira, eraldaketa sozial feminista aldarrikatu dute eta emakumeek bizi duten prekarietatea salatu. Hala, lan arloari begira, egungo murrizketek bereziki emakumeei eragiten diela salatu du koalizioko kide Ainhoa Beolak, eta horrek berak emakumeek egiten dituzten hainbat lan ikusezin bilakatzen dituela; “emakumeok lana soberan dugu, ez zaigu lanik falta, bai ordea, lan baldintza duinak”, esan du.
Bestalde, sistema patriarkalak emakumeak baztertzen dituela salatu du; “sistema patriarkala kapitalismo eta merkatu laboralari begira emakumeak alboratzen gaitu”, azaldu du. Azkenik, “inoiz baino gehiago” behar dela eta, dei egin die herritar guztiei mugimendu feministak deitutako mobilizazioetan parte hartzera. Donostian ostiralean egingo dute manifestazioa. 19:30ean Bulebarretik irtengo da.


