Bertso saio berezia, Dokan
Bertsolaritza eta Korrika, Korrika eta bertsoa, konbinazio bitxi horretatik sortu da Bertso Korrika. Gaur, osteguna, izango da bertso saio berezi horrekin gozatzeko aukera Doka Kafe Antzokian, 19:30etatik aurrera.
Bertso Korrikarekin bertsolaritzara hurbildu nahi dira euskara ikasleak. Haietako askorentzat bertso saio bat entzungo duten lehen aldia izango da. Horregatik, saioko azalpenak eta bertsoak egokitu egingo dira, euskara ikasleek uler ditzaten. Gainera saioan zer topatuko duten, aurrez landuko dute euskaltegian, gai-jartzailearen eskutik. Bertsozaleentzat ere saioko ateak zabalik daude, publikoan bertsozaleek eta euskara ikasleek bat egitea nahi baita. Dokan kantuan arituko diren bertsolariak, Groseko eta Añorgako bertso-eskolako kideak, bertso jarriekin, eta bat-batean, berriz, Beñat eta Unai Gaztelumendi eta Asier Azpiroz.

