Laurehun korrikalarik hartu dute parte Berdebidea lasterketan
Eguraldia lagun, jende ugari bildu da Donostian Berdebidea lasterketaz gozatzeko. Antolatzaileen arabera, laurehun korrikalarik hartu dute parte lasterketan, eta bide bazterrean herritar asko izan dira animatzen. 10:00etan eman diote hasiera probari, Kontxako pasealekuan, Vinuesa plazaren ondoan. Hondartza atzea utzita, Askatasunaren hiribidetik igaro ondoren, korrikalariak Egiara joan dira, auzoko parkean barrena korrikan aritzeko. Urumea bazterretik pasatu ondoren, Bulebarreruntz abiatu dira eta hortik Kontxako pasealekura berriro, helmugara iristeko. 6,7 kilometroko luzera izan du ibilbideak, orotara.
Donostiako Atletikok eta Cristina Enea Fundazioak antolatu dute ekimena, ingurumenaren aldeko errespetua aldarrikatzeko. Hori dela eta, lasterketak eragindako zabor guztia, dortsalak, txipa eta gainerakoak edukiontzi desberdinetan utzi dituzte korrikalariek, birziklatu ahal izateko.









