Realak balentria egin du Madrilen, Vicente Calderon futbol zelaian irabazita (0-1)
http://youtu.be/H34-BG2715o
Realak balentria egin du Madrilen, Atletico Madrilen aurka (o-1). Denboraldi honetan inork egin ez duena egin du; Vicente Calderon futbol zelaian irabaztea, alegia. Xabi Prietok bigarren zatian, 53. minutuan, lortutako gol bati esker ekarri ditu hiru puntuak etxera talde txuri-urdinak. Griezmannek eman dio baloia Prietori, eta honek bikain amaitu du kontraerasoa. Jokoz kanpo egon zitekeen donostiarra baloia jaso duenean, baina epaileak ontzat eman du gola.
Une horretatik bertatik, Atletico Madrilek erasora jo du, baina donostiarrek txukun defendatu dute abantaila. Garaipen honekin, Reala laugarren postuan da dagoeneko, Malagarekin berdinduta, Txapeldunen Ligako postuetan. Hamar urte zeramatzan Realak Vicente Calderonen irabazi gabe. Zelai madarikatua da arrazoi askorengatik, baina gaur sailkapenaren goikaldera eraman du bertan lortutako garaipenak.
Partidaren amaieran, Xabi Prieto pozik zen hiru puntuekin. “Pasada bat da gure orain arteko ibilbidea”, esan du goleatzaileak. Realeko presidente Jokin Aperribayk ere garaipena nabarmendu du. “Europako talde onenetakoa da Atletico Madril, eta bere etxean hogei partida jarraian irabazita zituen”, adierazi du. “Taldea orain ondo dago, eta ea bolada onari jarraipena ematen diogun”, erantsi du.


