Hitzarmena sinatzeko unea. (Argazkia: Donostiako Udala)
Hitzarmen honekin, Zubietan hondakinen prebentzuoa eta murrizketa bultzatu nahi dute, eta hondakinak hiri hondakinen kudeaketatik atera.
Donostiako eta Usurbilgo udalek Zubietan auzo konposta proiektua abian jartzeko lankidetza hitzarmen bat aurkeztu eta sinatu dute. Hitzarmenea, Zubietako Herri Batzarra ere barne hartu dute. Helburua, auzo-konposta bultzatuz, Zubietan hondakinen prebentzioa eta murrizketa bultzatzea da, eta hondakin horiek hiri hondakinen kudeaketatik ateratzea. Donostiako Udaleko Ingurumeneko zinegotzi ordezkari Axier Jakak, Usurbilgo alkate Mertxe Aizpuruak eta Zubietako Herri Batzarreko lehendakari eta auzo-alkate Alazne Olaizolak parte hartu dute ekitaldian.
Herri Batzarrak egin zuen auzo konposta abian jartzeko eskaria, eta eskaera horri erantzuteko asmoz sinatu dute hitzarmena bi udalek. Udal bakoitzak bere lurretan, konpost gune bana jarri du. Gune bakoitza dagokion udalak kudeatuko duela azaldu dute, baina lankidetzan arituko direla, urtebetez.
Bestalde, Usurbilgo Udaleko teknikariek Donostiako auzotarrei instalazioen erabilerari eta konpostatze prozesuari buruzko informazio eta aholkuak emango dizkietela azaldu dute, eta Donostiako zubietarrek Usurbilgo material egituratzailerako gunetik materia egituratzailea hartu ahal izango dutela.
Esan dutenez, dagoeneko 26 pertsonek eman dute auzo konpostan parte hartzeko izena.
700 litroko 14 konpostagailu
Azaldu dutenez, Donostiako Udalak jarri duen gunean, 700 litroko 8 konpostagailu eta 300 litro material egituratzaileko 4 edukiontzi daude eta Usurbilgoak jarri duen gunean, 700 litroko 6 konpostagailu, eta material egituratzaileko 3 edukiontzi.
Lortutako konpostari dagokionez, Zubietako familiek eraman ahal izango dute, erabilera partikularrerako, eta geratzen den zatia dagokion udalak erabiliko du, bere parke eta lorategiak ongarritzeko.