Kontxako hondartzako toldoak, esleituta. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Apirilaren 19 arte irekita dago epea; Ondarretan, eguzkitako oihalak, itzalkinak eta karpak zozketatuko dituzte eta Zurriolan, eguzkitako oihalak bakarrik.
Gaurtik aurrera, irekita dago, Zurriolako eta Ondarretako eguzkitako oihal, itzalkin eta karpen zozketan parte hartzeko izen ematea. Kontxan ez da aurten zozketarik egingo, izan ere, iazko zozketaren ostean osatu zen zerrendakinarekin osatuko dutela aurreikusi dute.
Zehazki, Ondarretan, eguzkitako oihalak, itzalkina eta karpak zozketatuko dituzte, eta Zurriolan ordea, eguzkitko oihala bakarrik. Izen emateko epea apirilaren 19 arte egongo da zabalik. Udalak azaldu duenez, eskariak propio prestatutako orrialdeetan egin behar dira eta inprimakiak Udal Erregistroen bitartez entregatu; edo udaleko webgunean bestela.
Zozketa, maiatzaren 23an egingo dute eta emaitzak Donostiako Udalaren webgunean zein iragarki taulan jarriko dituzte. Zozketa, hondartzaz hondartza egingo dute eta Ondarretaren kasuan, eguzkitako oihal, itzalkin eta karpak bereiziz.
Bost egun ordaintzeko
Esleituak izan direnek, zerrenda kaleratu eta gero bost eguneko epea izango dute agirian agertzen den zerga ordaintzeko. Ordaindu ezean, esleipena ezabatu eta zerrendan hurrengoari eskainiko zaiola jakinarazi dute. Aurreratu beharko luketen bermea, ondoren eguzkitakoa ordaintzeko deskontu bat da.