Nekane Burutaran eta Axier Jaka, udaletxeko harrera aldaketa aurkezten. (Argazkia: donostiako Udala)
Herritarrek haien gestioak egiteko nora joan jakiteko, arreta orokorreko puntu bat jarri dute.
Udal gobernuak udaletxeko harreran aldaketak egin ditu. Aldaketa hauek herritarrei arreta hobea ematea dute helburu. Berritze hau, orain dela aste batzuk, udal gobernuak aurkeztu zuen udal eraikinen berrantolaketa egitasmoaren barruan dagoela azaldu du Informazioko eta Presidentetzako zinegotzi ordezkari Axier Jakak.
Hemendik aurrera, hiritarrek egin behar duten gestioaren arabera nora joan behar duten jakiteko, arreta orokorrerako puntu bat izango dutela jakinarazi dute. Helburua, udal barruan ere, modu ordenatuago batean ibiltzea izango da.
Arreta puntu horretan, goizetan euskaraz zein gaztelaniaz erantzungo dien pertsona bat izango dela azaldu dute. Horrez gain, ohiko inprimakiak eta kanpaina zehatzetakoak egongo dira eskuragarri. Baita ere, herritarren intereseko liburuxkak, kiosko digitala erabiltzeko aukera eta paketeak eta gutunak jaso zein etregatzeko aukera izango da.
Bestalde, udaltzaingo zerbitzuak ere harreran jarraituko du.
Segurtasun eta kontrol handiagoa
Harrera aldaketan ere izan da Giza Baliabideetako eta Hiri Segurtasuneko zinegotzi Nekane Burutaran. Arlo honi dagokionez, jakinarazi dute, udaltzainek ere harreran jarraituko dutela, “segurtasun arazoak prebenitzeko”. Bestalde, udaleko langileak eta ordezkari politikoak, eta baita bisitariak ere, izkinan jarritako ateiletatik pasako direla azaldu dute “horrela, pertsonen mugimenduaren gaineko kontrol handiagoa” egongo delako.
Jakak amaitzeko azaldu du, zerbitzu publikoa hobetzea dela helburua: “Udala herritarren zerbitzura dago eta arreta ona ematea zerbitzu horren muina da. Garai berrietan bizi gara, eta gure asmoa izan da Udaleko eraikin nagusian herritarrei irekiagoa egongo den harrera eskaintzea, eta eraikineko sarrera herritarren arretarako irizpideen arabera egokitzea. Horregatik egin dugu berrantolaketa hau, gero eta zerbitzu publiko hobea emateko helburuarekin”, esan du.