Anoetan jokatutako Espainiako Igeriketa Egokituko Txapelketan 18 marka hautsi dituzte
Espainiako Igeriketa Egokituko Txapelketa jokatu zuten joan den asteburuan, Anoetako Paco Yoldi igerilekuan. Bertan parte hartu zuten igerilariek 18 marka hautsi zituzten; horietako 17 Espainia mailakoak, eta Europa mailako bat. Erlojupean lehiatu ziren partaideak, bakoitzaren elbarritasunaren arabera desberdintasunik egin gabe. Hori bai, proba bakoitzeko azken saioan, denbora onenak lortu zituztenek parte hartu zuten, berriro ere.
Guztira, 185 igerilarik parte hartu zuten txapelketan. Kataluniako Nuria Marques igerilariak sekulako lorpenak egin zituen, eta Europako marka bat haustera iritsi zen, 200 metro bizkarrez 2 minutu 38 segundo 48 ehuneneko denboran eginez. Txapelketaren helburu nagusien artean, 2013ko Munduko Txapelketarako gutxieneko markak lortzea zegoen, eta gutxieneko bost marka haustea lortu zuten.