Baionako Aviron eta Toulon aurrez aurre izango dira Anoetan, martxoaren 23an
Berriro ere errugbi jaiaren lekuko izango da Donostia. Izan ere, Baionak eta Donostiak lotutako akordioari esker, Baionako Aviron errugbi taldeak Top 14 Ligako partida bat jokatuko du Anoetan, martxoaren 23an, 15:00etan. Toulon izango da Avironen aurkaria, Ligako oilarra, baina Baionako taldeak burua altxa berri duenez, irabaz dezakeela uste du Aretz Iguiniz jokalariak. Partidaren aurkezpena egin dute gaur goizean Anoetan, eta bai Baionako bai Donostiako ordezkariak oso pozik agertu dira errugbia Donostiara ekartzeaz. Gainera, jakinarazi dute, partida hasi aurretik, Kalakan musika taldeak ordu erdiko kontzertua eskainiko duela estadioan bertan.
Baionako estadioan baino askoz ere jarraitzaile gehiago sartzen dira Anoetako harmailetan, bi aldiz eserleku gehiago baititu. Gainera, Baionako zaleak Donostiara etortzeaz gain, errugbiaren ohiko jarraitzaileak ez direnek goi mailako partida bat ikusteko aukera izango dutela gogorarazi dute, eta Donostiako alkateak deia egin die donostiar guztiei norgehiagoka ikustera joan daitezen. Dagoeneko 22.000 sarrera saldu dituzte partidarako, baina oraindik ere eros daitezke Avironen webgunean bertan.
Asteburu horretan, martxoaren 23an eta 24an, ez da aspertzeko aukerarik izango Donostian. Izan ere, alkateak gogorarazi duen moduan, errugbi partidaz gain, Korrika igaroko da hiritik larunbat horretan, 19:50ean, eta Europako Beteranoen Atletismo Txapelketa ere jokoan egongo da, martxoaren 19tik 24a bitartean.