‘Gazte bat gehiago ez’ dioten kartelak, Parte Zaharrean. (Argazkia: PSE-EE)
Larunbateko gazte auzipetuen babesean egindako manifestazioaren ondoren egin zirela diote; alkatea manifestazioara joan zelako, bere gain hartzea nahi dute.
Sorturen “gazteria” den Ernai gazte antolakundearen graffitiak azaldu direla salatu du Marisol Garmendia PSE-EEko zinegotziak. Hori ez ezik, pintaldiak larunbatean Eleakek deituta, Donostiako 15 gazte auzipetuen babesean egindako manifestazioaren ondoren azaldu zirela esan du. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre manifestazioan egon zela eta, Garmendiak “espero du” alkateak horien garbiketa bere gain hartzea; “edo bestela, beraien jabeei faktura pasatzea, kasu honetan, Sortuko gazteriari”, esan du.
Gehitu du, pintaldia ez zela “zorizkoa” izan, baiziki eta “ondoren espraiez betetzen ziren moldeekin” egin zituztela. Gaineratu du, Parte Zaharra auzipetutako gazteen babeseko kartelez beteta azaldu zela eta baita hainbat graffitirekin ere.
Azkenik, horrelako ekintzarik ezin dela onartu esan du Garmendiak, batez ere espazio eta altxor publikoa kaltetzen badute; “are gehiago, alkatea manifestazio horietan badago”, amaitu du.
‘Ernai’ dioen graffitia. (Argazkia: PSE-EE)