Herritarrek Skype bidez komunikatu ahal izango dute Udalinforekin
Komunikatzeko bide zuzen eta doakoa dela azaldu dute; munduko edozein tokitatik egin daiteke.
Donostiako Udalak aurkeztu du beste komunikazio bide bat abian dagoela herritarrentzat. Helburua, herritarrei ahalik eta ondoen kasu egitea dela esan dute eta udala gertuago sentitzeko duen eginahal horren barruan kokatu dute egitasmoa. Izan ere, hemendik aurrera, nahi duen herritarrak, Skype bidez ere izango du Udalinforekin harremanetan jartzeko modua. Bide berri horrek, udalarekin munduko edozein tokitatik eta dohan komunikatzeko aukera emango du.
Tresna honekin, Udalinforekin harremanetan jartzeko beste tresna bat gehiago dagoela herritarren esku esan du Informazioko zinegotzi Axier Jakak. Gaineratu du, batik bat herrialdean ez daudenentzako tresna ona dela; “iruditzen zaigu gauzak samurtu egingo dizkiela arrazoi bategatik edo besterengatik kanpoan bizi edo kanpoan dauden herritarrei, eta baita baliabide hau beren etxeetatik erabili nahi dutenei ere”, adierazi du.
Hala, zinegotziak azpimarratu du doan den zerbitzu bat dela, gehien zabalduta dauden sistema eragileetan jar daitekeela eta oso erraz erabiltzen dena dela, sare horretara lotu eta Udalinfo erabiltzailera deitu besterik ez dela egin behar eta.
Informazio osoa, Donostia.org webguneko Udalinfo Skypen atalean dago.
Hiritarren argazkiak publikatzeko aukera
Bestalde, herritarrek egiten dituzten hiriaren argazkiak udalaren webgunean jartzeko egitasmoa jarri dute abian. Horretarako, sare sozialen bitartez, hirian egiten diren argazkiak bidali beharko dituzte herritarrek. Esaterako, Twitterren #NireDonostia hagstaga erabilita jartzen diren argazkiak jarriko dituzte webgunean. Baita, Instagram, Flickr nahiz argazkiak denon esku jartzeko balio duten beste edozein saretarako (esaterako, Facebook) estekak ere.
Jakak azaldu du, helburua dela “Donostiaren gainean zabaltzen den irudia herritarrek eurek eskaintzen dutena izatea”. Hala, aukeratzen diren irudiak helburu horretarako baino ez direla izango azaldu du, beste edozertarako baimena ematen dutela adierazten ez badute. Gainera, ez dira inondik inora argitaratuko pertsonak lehen planoan erakusten dituzten argazkiak. Irudiek zabalerakoak izan beharko dute, goiburuaren beraren ezaugarriengatik; dena dela, errektangelu itxurakoak izanez gero, egokitu egingo dira.