Bera Berak eskuetan du Liga txapelketa, bigarren sailkatuari irabazi eta gero (24-18)
Bera Bera eta Elx Mustang taldeek Liga erdia zuten jokoan Bidebietan; lehenengo eta bigarren sailkatua aurrez aurre, eta bien artean puntu bakar bateko aldea zegoen. Bada donostiarrek eskuratu dute garaipena eta, ondorioz, Liga txapelketa eskuetan dute; zazpin jardunaldiren faltan, hiru puntu ateratzen dizkio orain Bera Berak Elxi, eta gol average delakoa alde du gainera.
Partida bikaina jokatu dute Reyes Karrerek zuzendutako jokalariek. 24-18 izan da azken emaitza. Atsedenaldian, etxekoek dagoeneko 13-10 irabazten zuten. Elorzak, Pinedok eta Ziarsolok, 6, 5 eta 4 golekin, hurrenez hurren, Bera Berako jokalari erabakigarrienak izan dira, Zoqbi atezainaren lana ahaztu gabe.
Bidebietan sekulako giroa izan da, eta garaipena inoiz baino gehiago ospatu dute zaleek.