(Argazkia: Xabier Etxabe)
Erregulazio eremutik kanpo utzi dituzten eremuak Igarako bidea, Lautximinietako parkina, Portuetxe kalea eta Errotaburu pasealekua dira.
Gaurtik aurrera, erabiltzaileek ez dute ordaindu beharko TAOren ordenantza berrian erregulazio eremutik at utzi dituzten eremuetan. Atzo, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitaratu zuen otsailaren 28ko osoko bilkuran behin betiko onartutako lur azaleko aparkaleku ordenantza berria. Horrenbestez, gaurtik aurrera, Igarako bidean, Lautximinietako parkinean, Portuetxe kalean, Errotaburu pasealekuan, hain zuzen Orixe Pasealekua eta Zubiberri Bidearen artean, ez da TAOa ordaindu beharko.
Azaldu dutenez, ordenantza berriak egitura juridiko askoz ere sinpleagoa ezarriko du, eta, horrek hainbat abantaila ekarriko ditu gestioak egiterako orduan. Hala nola, herritarrek auzokoentzako aparkatze txartela lotzeko izapideak sinplifikatu dtuzte. Hemendik aurrera, eskatu besterik ez da egin beharko egoiliar txartela, eta ondoren, administrazioak egiaztatuko du baldintzak betetzen diren ala ez.
Bestalde, aparkatzeko txartel berria eskatzen dutenek behin-behineko ziurtagiria jasoko dute sektoreak batu arte. Hori gertatzen denean, auzoko guztiei txartel berriak banatuko zaizkiela jakinarazi dute. Behin sektore berriak martxan jartzen direnean, egoiliarrek beraien etxeetan jasoko dituzte behin betiko txartelak, ordenantza berriak arautuko dituen sektoreetara egokituta egongo dena.