Triz3ps taldeko bi kide, Javi P3z eta Oriol Flores, gaurko aurkezpenean. (Argazkia: E. Zabala)
Triz3ps taldeak bere bigarren diskoa aurkeztu du gaur goizean, Fnac-en.
EP izena du diskoak, eta CDan eta biniloan kaleratu dute, Syntorama zigiluari esker. Javi P3z gitarrista eta abeslaria, Oriol Flores bateria eta Alberto Bosch baxularia dira Triz3ps-eko kideak. Hala ere, dagoeneko, Paul San Martin teklista ere taldeko kidetzat jotzen dute, diskorako beraiekin aritu baita lanean, baita Luis Camino perkusionista ere. Sei abestik osatzen dute diskoa, eta bertan, funky, soul, rock eta pop erritmoak nahasten dituztela azaldu dute. “Entzuteko, sentitzeko eta dantzatzeko musika da”, aipatu du Javi P3zek.
Javier Vicente Calderon donostiarra da taldearen muina, Javi P3z bezala ezaguna dena. Urteetan Parte Zaharreko Etxekalte tabernako disko jartzailea izan da, eta 2011ean Triz3ps taldea sortu zuen. “Triz3ps taldearen ideia talde bat izatearena da, eta ideia hori oso garrantzitsua da. Hautatzen ditugun estiloetan gustura egoten saiatzen gara. Akustikoruntz jo nahi genuen, baina momentuz elektrikoak gara, elektronikarik ez badugu ere”, azaldu du P3zek aurkezpenean.
Abestietako hitzei dagokienean, bizitzako sentimendu unibertsalei buruz abesten dutela azaldu dute. “Sortzaileak irtenbideak bilatu behar ditu, itzaletan argia topatu behar du, eta horietaz hitz egin”, azaldu du P3zek. “Gure onena da oso espontaneoak garela; ni gutxiena. Prozesu guztia oso era espontaneoan egiten dugu”, azaldu du Oriol Floresek.
Diskoa dagoeneko ohiko dendetan eros daiteke, baita Internet bidez ere:
Syntorama eta
Itunes.
Gaur arratsaldean, 19:00etan, taldeak zuzenekoa eskainiko du Fnac-en, eta ostiralean, berriz, Egiako Le Bukowski musika klubean arituko dira.