Lan hitzarmena berritzen ez badute, Gipuzkoako hondakin biltzaileek grebara joko dute
Greba mugagabera deitu dute maiatzaren 7tik aurrera; 1.200 langile ingururi eragiten die hitzarmenak.
Maiatzaren 7rako ez badute lan hitzarmena berritzen, grebara joko dute Gipuzkoako kale garbiketa, zabor bilketa, ibai, hondartza eta portu garbiketa, birziklatze planta, zabortegi eta estolderien mantentze lanetarako langileek.
2011ko abenduaren 31n utzi zion indarrean egoteari arlo horretako lan hitzarmenak, eta 2012ko otsailean ekin zioten itun berri bat negoziatzeari, jakinarazi dutenez. 1.200 langileri eragiten die hitzarmenak. ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk, era bateratuan, eskatu dute Espainiako Gobernuak onartutako lan erreforma euren lan hitzarmenean ez ezartzeko, eta itun berria urtebete baino denbora luzeagoan izateko indarrean.
Eskatu dute euren soldata KPI kontsumo prezioen indizea adina igotzeko. Bestalde, patronalari egotzi diote lan erreformaz eztabaidatu nahi ez izatea. “Lan erreformarekin 2013ko uztaila baino lehen hitzarmena ez badugu sinatzen, indargabetuta gelditzen da. Beraz, ekintzara pasatzea erabaki dugu”, azaldu dute.