Twitter bidez bidalitako Donostiako argazkiak jarriko dituzte udalaren webgunean
Aurrerantzean, udalak herritarrek sare sozialen bitartez bidaltzen dituzten irudiak jarriko ditu Donostia.org webgunean. Azal nagusiaren goiburuan zintzilikatuko ditu. Twitter bidez #NireDonostia edo #MiDonostia traolarekin zabaldutako argazkiak jasoko ditu udalak.
Informazioko zinegotzi ordezkari Axier Jakak adierazi duenez,mundura Donostiaren gainean zabaltzen den irudia herritarrek eurek eskaintzen dutena izatea da helburua.
Aukeratzen diren irudiak helburu horretarako baino ez dira izango, beste edozertarako baimena ematen dutela adierazten ez badute —ez dira inondik inora argitaratuko pertsonak lehen planoan erakusten dituzten argazkiak—. Irudiek zabalerakoak izan beharko dute, goiburuaren beraren ezaugarriengatik; dena dela, errektangelu itxurakoak izanez gero, egokitu egingo dira.